Aniztasuna

Aniztasunaren trataera Haurtzaro ikastolan
Gure gizartea anitza da, gu ere hala gara, eta aniztasun honek gero eta hertz gehiago ditu: familia eredu desberdinak, urritasun fisiko edo psikikoa duten pertsonak, baliabide ekonomiko desberdinekoak, jatorri desberdineko etorkinak eta atzerritarrak, ideologia eta sinesmen desberdinak... Beraz, aniztasun hori gizartean dago eta horren isla eskolan.
Aniztasun horrek eskolako bizitza eta jarduerak kolorez betetzen ditu, denak desberdinak baina aldi berean berdinak garela agerian jarriaz; hau da, elkartzen gaituena urruntzen gaituena baina gehiago dela ikustaraziz.
Azken hau da Haurtzaro Ikastolan eskola komunitate bezala landu nahi duguna: garenak garelako, garen bezalakoak, besteekin elkartzen gaituen gauzak gehiago dira urruntzen gaituztenak baino; nor berak bere ezaugarriak ezagutu eta errespetatu, bestearenak egin ahal izateko.
Erronka handia bada ere, gure bideak hortik joan behar duela sinesten dugu, bidean gatazkak eta ezinak ditugula eta izango ditugula ukatu gabe. Horretarako eguneroko jardueran (jarduera kurrikularretan) zehar-lerro bezala gai hauek tratatzen ditugu. Era berean, ezkutuko curriculumean, hau da, gure eguneroko portaeran, desberdintasunarekiko norberak bezala pentsatu eta egiten ez duten horien inguruko errespetuzko jarrera aurrera eramaten ahalegintzen gara.
Guzti hau ulertu, landu eta garatzeko maila desberdinetako esku-hartze eta baliabideak ditugu, arruntenetik berariazkoenetarainokoak.
Gela arrunta
Alde batetik, gure Curriculum proiektuan oinarritutako ikas materialaren bidez  lantzen ditugu ikasleak bereak egin behar dituen hezkuntza konpetentziak, jarrerak eta portaerak barne, hauek ikasle guztiekin.
Bestetik, gelako eta inguruko aniztasun honek aukera ematen digu tutoretzako saioetan hori ere  lantzeko, balioen lanketarekin uztartuz.
Horrez gain, gurasoekin egiten diren bileretan, ikasle bakoitzari dagokion aniztasun eta berezitasun horiek lantzen ditugu.
Aniztasuna eskola errendimenduan ere agertzen denez, lehenengo interbentzio maila, irakaslea berak eramaten du aurrera:  gela barruan,  astean behingo errefortzu saioekin edo eta gurasoekin adostuta, elkarlanean,  etxean egin beharrekoak gidatuaz.
Behar berezietako gela
Zailtasun orokorrak dituzten ikasleekin gela arruntetik at lanketa berezia egiten da. LHn batez ere, zailtasun instrumentalak (irakurketa-idazketa, matematika) dituzten ikasleei laguntza eskaintzen zaie.
DBHn, behar berezien gelan egiten den lanketa zabalagoa da. Hautazko gaietan errefortzu kurrikularra ere kontenplatua dago.
Etorkin berantiarrekin euskara errefortzu saioak eta errefortzu kurrikularra ere eskaintzen dugu, bakoitzaren beharrei ahalik eta gehien egokituaz.
Kanpoko zerbitzuak
Eskualdeko Berritzeguneak, eskualdeko Pedagogi Aholkularitza Taldea , besteren artean, hainbat alorreko aholkularitza eskaintzen digu, adibidez,  Berritzeguneko talde multiprofesionalarena. Talde honek, ikasleen jarraipen eta aholkularitza du helburu eta honen barnean logopedia eta fisioterapia eskaintza sartzen dira besteak beste.
Udal zerbitzuak
Aniztasuna kontutan hartuta, Oiartzungo udal ongizate zerbitzuarekin elkarlana bideratzen dugu, baita  udaleko euskara sailarekin ere.
Errekurtso hauen guztien kudeaketarako hainbat baliabide pertsonal ditugu: Hezkuntza-laguntzaile espezialistak, laguntza irakasleak, euskara irakasleak, psikologoa...
Psikologoak kasuan-kasuko partaideekin errekurtso hauen kudeaketan parte hartzeaz gain, gurasoen eskaeren arabera, hauei erantzun eta kasuan kasuko aholkularitza, diagnostiko eta tratamenduak bideratzen ditu. Era berean, irakasle taldeetan gelako beharrez elkarlana bideratzen du.