Bertsolaritza

BERTSOLARITZA HAURTZARO IKASTOLAN
Hizkuntza idatzia da gehien lantzen dugun alderdia, hezkuntza formalean gehien garatu dugun gaitasuna, errazen kudeatzen dugun konpetentzia. Ebaluatzeko orduan ere, idatzizko adierazpena da hobekien antolaturik daukagun konstantea.
Ahozko adierazpenak, ordea, ahozkoak ematen dizkigu lanak. Bai arloa programatzeko garaian, bai berau ebaluatzerakoan. Hala ere, jakin badakigu hizkuntzaren alderdirik garrantzizkoena dela ahozkotasuna, nahiz eta eguneroko lanketan zailtasun handienak sortu irakasleari.
Esan genezake, beraz, idatzizko adierazpena pixkaka-pixkaka irensten ari dela ahozkoa. Horregatik gero eta gutxiago lantzen ditugu eskolan ahozko egoera komunikatibo ez-formalak, irakaslea ere askoz ere seguruago sentitzen delako idatzizkoan, erosoago. Eta hizkera ez-formala, kolokiala lantzeko garaian ziurtasuna desagertu egiten da.
Hankamotz gabiltza ahozkoa eskolaratzeko orduan. Ikasleek ere, eguneroko egoeretan berehala jotzen dute gaztelerako esamoldeetara, euskarazko parekorik ez dakitelako edo ez dagoenez, sortu egin behar dituelako.
Ikastetxeetan egon daitekeen hutsune, zailtasun edo gabezia hori bete lezake bertsogintzak. Ez noski soilik bertsoa helburu izanik, baliabide izanik ere bai. Ahozkotasuna landuz bertsotan ikasi, eta bertsogintza landuz, ahozko alderdi komunikatiboan trebatu.
Eskola orduetan, nahiz haietatik at, ahozkotasuna lantzeko tresna egokia izan daiteke bertsoaren lanketa. Euskararekin jolastuz, ikasleak gaitasun komunikatibo eta afektiboak landuko ditu. Izan ere, arretaz entzuten ikasi beharko du, espresibitatez adierazten, ulermenaren estrategiak aplikatzen, sormena lantzen, autonomiaz jarduten …
Horrekin batera, hizkuntzaren beraren hainbat atal ere landuko lituzke ikasleak, hala nola, lexikoa, sintaxia, metrika, errima, erritmoa, argudioa, inprobisazioa …
Beraz, bertsolaritzaren oinarrizko kontzeptu nagusiak bereganatzearekin batera, beste helburu asko lor ditzake ikasleak, bertsoaren lanketaren bitartez:
- Eguneroko ahozko egoera komunikatiboetan erosotasunez aritzea elkarrizketetan, bertsolaritzan jasotako baliabideak aplikatuz.
- Hizketarako trebezia, grazia eta bizitasuna eta egokiera eskuratzea poliki-poliki.
- Bertsoak eskaintzen duen hizkuntzaren arlo ludikoa ezagutu eta sormena garatzea.
 
Horiek guztiak kontuan hartuz, ondorengoa litzateke BERTSOLARITZAK Haurtzaro ikastolako Hezkuntza Proiektuan eta etapaz etapa beteko lukeen lekua.
HAURTZARO BERTSO ESKOLA
Eskola orduz kanpo, ekintza estra  eskolar modura, Haurtzaro ikastolak martxan du bere Bertso Eskola azken 30 urteotan.
Haurtzaroko Bertso Eskolan parte hartzeko aukera dute diziplina honetan erraztasuna eta zaletasuna duten ikasleek. Ikasturte hasieran gonbidapena luzatzen die ikasle horiei gelako tutore, irakasle edo bertsolaritzako espezialistak. LHko 5. mailan hasi eta DBH amaitu arte dute aukera Bertso Eskolan bertsogintza lantzeko.
Idatzizkoa lantzeari utzi gabe, bat-batera jauzi egitea du helburu Bertso Eskolak. Ikasleak bat-batean kantatzen hasten saiatuko dira hasieran eta horretan ahaleginduko. Lan horretan aritzeko, Herriko bertsolariak izango dituzte irakasle, Beti ere Bertsozale Elkartekoen bitartez aukeratuak.
Hauek ere, ikasturte amaieran, irakasleak, nahiz ikasleek hala erabakiz gero, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartzeko aukera izango dute, bat-bateko saioan.
Era berean, Bertso Eskolak LEXOTI SARIA izena daraman bertso saioa antolatzen du 3. Ebaluazioan ikastolako areto nagusian, LH5. Eta 6.mailako ikasleentzat, eta DBHko 1. mailakoentzat.
Saio honek bi atal izaten ditu. Lehenengoa, Bertso Eskolako ikasleen eskutik, bat-bateko saioa. Eta bigarrenik, LEXOTI bertso paper lehiaketako sari banaketa. BI sari guztira, 6.mailakoa eta DBH 1. mailakoa.