EKI

EKI proiektua
Zer da eki PROIEKTUA?
EKI proiektua, Euskal Curriculumaren garapenerako jaio den lehen ikasmateriala da, eta aldi berean, curriculum horrek agintzen duen moduan, konpetentzietan oinarritutako eredua du oinarri, Integrazioaren pedagogia bultzatzen duelarik.
EKI proiektua ikastoletan, 2013-2014 ikasturtean abiatu den hezkuntza-eredu berria da. DBHko lehenengo mailan jarri da martxan eta, urtez urte, DBH osora hedatzen doa sei arlotan (Euskara, Gaztelania, Ingelesa, Matematika, Naturaren Zientziak eta Gizarte Zientziak). Proiektuak hezkuntza osoa eta integrala bideratzea du helburu nagusia eta, hori lortzeko, hainbat ezaugarri ditu. Laburbilduz, konpetentzien garapena du ardatz nagusia eta hori egoerei aurre eginez lortzen da. Denok dakigu konpetentzia eta ekintzailetasuna oso lotuta daudela, hau da, bizitzako egoera desberdinei eraginkortasunez erantzuteko aurrez eskuratutako ezagutzak egoki hautatzen eta erabiltzen ditugun neurrian bilakatzen gara gero eta konpetenteago.
Bizitzan gertatzen den bezalaxe, ikastolako jardunean ere ikasleak bereganatutako ezagutzak egoerei aurre egiteko baliatzen dituen neurrian garatzen ditu konpetentzia orokorrak (pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, norbera izaten, elkarrekin bizitzen eta egiten eta ekiten ikasi) eta arlo bakoitzeko konpetentzia espezifikoak. Hori guztia behar bezala gauzatzeko hainbat eskakizun bete behar dira, besteak beste, ikaslea ikaskuntza-prozesuaren protagonista nagusia izatea, ikaslearen jarduna aktiboa izatea eta, nola ez, ikaskuntza-irakaskuntzarako hautu metodologiko egokia egitea. Hori guztia lotzen du EKI proiektuak. Hezkuntza-eredu horretan aritzeko ikasleek ikasmaterial berriak erabiliko dituzte aipatu sei arloetan.
Horren harira, Haurtzaro ikastolak liburu digitalen erabilera esperimentazioan parte hartzeko konpromisoa hartu du bi arlotan: Matematika eta Natur zientziatan.
Liburu digital hauek paperezkoak dituen guztiak bermatzeaz gain, propioak dituen dituen abantailak irakasle-ikasleen eskura jartzen ditu: bideo, audio, zuzenketa automatikoak, fitxak partekatuz taldean lan egitea…