Haurtzaro ikastola eta Oiartzungo udala

HAURTZARO IKASTOLA ETA OIARTZUNGO UDALAREN ARTEKO HITZARMENA

Haurtzaro Ikastola eta Oiartzungo Udalaren arteko elkarkidetza ikastola bera sortu zenetik bermatu bada ere, lehen hitzarmena 2008an sinatu genuen bi erakundeen artean. Harrez gero, berritzen joan da.

 

2011ko maiatzeko hauteskundeen ondoren Udal ordezkari taldea aldatu bada ere, Haurtzaro Ikastolaren asmoa Udal korporazio batekin edo besteekin berdina da: lankidetza eta elkarlana bultzatzea, alde batetik, Oiartzungo herriak ikastolak eskaintzen duen kalitatezko hezkuntza eredu propioa eta euskalduna izan dezan, eta bestetik, Oiartzun herrian euskara eta euskal kultura euskaldun gisa garatzeko.

Horrela, Oiartzungo udala eta Haurtzaro Ikastolaren arteko hitzarmen ekonomikoak lau urtetarako iraupena izango du: 2012, 2013, 2014, eta 2015.

UDALAREN DIRU-LAGUNTZA

1) Ohiko mantenua eta obra txikiak bideratzeko.- Oiartzungo Udalak Haurtzaro Ikastolari diru-laguntza ematen dio mantenu gastuak eta obra txikiak egiteko. Kontzeptu honetan Haurtzaro Ikastolak diru kopuru bat jasotzen du ikasleko.

2) Obra handiak.- Hitzarmenean obra handiak egiteko (inbertsioak egiteko) diru-laguntza jasotzeko aukera dago.

3) Urrutiko auzoen garraio subentzioa.- Sail honetarako diru-laguntza onartua dugu. DBHko ikasleen garraio- zerbitzurako Xorrola erabiltzen dugunez, akordioaren atal honi dagokion subentzioa ez da jasotzen.

HAURTZARO IKASTOLAREN KONPROMISOAK

1) HAURTZARO IKASTOLAK konpromisoa hartzen du bere instalazioak Oiartzungo Udalari eta Oiartzungo herriari orain arte bezala doan uzten jarraitzeko, bere jarduera bermatzen den neurrian.

2) HAURTZARO IKASTOLAk konpromisoa hartzen du euskara eta euskal kultura sustatzeko eta herrigintzan lanean jarraitzeko.

3) HAURTZARO IKASTOLAk Oiartzungo herritik sortzen diren ekimenei babesa eta laguntza emateko konpromisoa hartzen du.