HAZIAK

Haziak dokumentala: Botere arteko harremanak lantzen ikasturte bat

Haziak egitasmoa Euskal Herriko eskola desberdinetara zabaltzen joateko herri proiektu gisa jaio da
Botere arteko harremanak lantzea helburu duen Haziak egitasmoa Oiartzungo Haurtzaro Ikastolan gauzatu da 2015-2016 ikasturtean, eragile ugariren parte-hartzearekin eta hezkuntza formala zein ez-formala uztartuz Abaraxka Ludotekaren bitartez.

Egitasmoaren nondik norakoak hobeto ulertzeko eta lehen urte honen emaitza laburbiltzeko protagonista izan direnen testigantzak jaso ditugu 12 minutukodokumental batean: sortzaileak, haurrak, irakasleak, gurasoak…

Haziak egitasmoak, gizarteko partaideen arteko elkarbizitzan harreman desorekatuak eta botere harremanak iraultzea du helburu, lau gairen lanketaren bidez (enpatia, harremanen kudeaketa, lidergoa eta harreman ereduak).

Hainbat material fisiko zein digital sortu da: enpatiaren gaia lantzeko ‘Igel marroitxo’ ipuina, norbanakotik talde funtzionamendura pasatzeak sortzen dituen egoerak ‘BarruKLIK’ komikian daude jasoak, harremanen kudeaketa eta harreman ereduak berriz, Dejabu Panpin Laborategiak osatutako lau ikus-entzunezkoen bidez landu dira (‘Halakoak gara' eta hiruko bilduma bat, ‘Haria’, ‘Gometx gorriak’ eta ‘Iñurrien Hiria’). Gainera, aniztasuna egitasmo honen balioetako bat denez, material fisikoari (‘Igel marroitxo’ ipuinari eta ‘BarruKLIK’ komikiari) ahotsa jarri zaio, Etxegiroan-eko lagunen laguntzarekin.

Gainera, metodologia zehatza garatu da, haurra bere osotasunean kontuan hartuz. Hau da, lanketa hasi aurretik eta lanketa unean ere haur bakoitzari berak bakarrik pentsatzeko, hausnartzeko unea eskaintzen zaio, bere eremu indibiduala zein kolektiboa errespetatuz. Horretarako ere, material zehatza sortu da: ‘Barrurako bidean’ (bideo eta audioak)

Metodologia honetan oso garrantzitsua da haurrek sentitzen dutena adieraztea. Horretarako lau askebide jarri dira haurren eskura, haur bakoitzak gustukoen duen disziplinaren bidez adierazpen hori burutzeko helburuarekin: ‘Esan ipuinekin’, ‘Esan irudiekin’, ‘Esan rap-arekin’ eta ‘Esan gorputzarekin’.

Bestalde, hezkuntza ez-formalari dagokionez, Oiartzungo Abaraxka Ludotekak bideratuta ekintza ezberdinak sortu dira, hala nola: enpatia jolasak, ‘Futbolaria eta Printzesak’ ikuskizuna, ‘Jokin eta betaurrekoak’ bideoa (haur batek sortutako ipuinetik abiatuta, haurrek modu kolektiboan sortutako ikus-entzunezkoa) ... Ezin ahaztu aisialdia hezitzailea dela eta herritar orori iristeko beste modu eta aukera garrantzitsua dela.

Zer da HAZIAK?
Aurrerantzean Haziak egitasmoko informazio gehiago jaso nahi ez baduzu, idatzi mezu bat kaixo@haziak.eus helbidera.