Nondik gatoz?

IKASTOLAREN BILAKAERA: 1967tik GAURDAINO
 
"...Ikastola au iriki, iraun-azi, zabaldu ta azteko euskara maite dutenen laguntza behar dugu eta laguntza horren eske Oyartzungo erriari dei egiten diogu. Beste iñungo laguntzarik ez degun ezkero, ikastola ori aundi edo txiki, indartsu ala indar gabe ta aul izatea Oyartzuarren gain dago..." zioen Haurtzaro Ikastola sortzeko asmoa agertzen zuen agiri publikoak.
1967ko urriaren 16an abiatu zen ikastola 16 ikaslerekin, elizaren babes juridikoa zuen Escuela Parroquial Aurtzaro izenarekin, 60.500 pezetetako aurrekontua zuela. Horrela, sorreraz geroztik, ikastolaren nortasun juridikoa elizari lotuta joan zen. 1981ean Aurtzaro Ikastolako Batzarrak Haurtzaro Kooperatiban bihurtzea erabaki zuen. 1993an Euskal Eskola Publikoaren legeari buruzko hausnarketa etorri zen. Ikastolak bere izaera eta nortasunari eustearen aldeko apustua egin zuen batzarrak.
Haurtzaro Ikastolako lehen gela 1970ean legeztatu zuten. Peña Gantxegi arkitektorak diseinatutako “Ikastola Zaharra” 1977ko irailean inauguratu zen eta “Ikastola Berria”, 1986an. 1990ean portxeko gelak, frontoia eta jolas-lekua prestatu ziren eta B.B.B.ko lehen promozioa hasi zen lanean. Gero etorriko ziren jantoki berria (1993) eta jantokiaren handitze lanak (2006).
1992ko irailean, Haurtzarok 25 urte bete zituen urte berean, ikastolak Kilometroak 92 jaia prestatu zuen herri osoaren laguntza paregabearekin. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, sekulako arrakasta lortu zen. 2006an ikastolak berriro antolatu zuen ikastolen eta euskararen jaia den Kilometroak. Oraingoan bai, antolaketa egokiak, herriaren laguntza ezin hobeak eta eguraldi bikainak jaiaren arrakasta berretsi zuten.
Gaur egun HAURTZARO IKASTOLA Herri Onurako Kooperatiba bateratzailea da. Bateratzailea, bertako partaideak gurasoak eta langileak baitira. 0-18 urte bitarteko ia 1000 ikasleri egiten die hezkuntza eskaintza.
0-3 zikloa Oiartzungo Udala eta herriko 3 haur eskolekin batera Udal Ikastola Partzuergoaren bitartez kudeatzen da. 3-16 urte bitarteko eskaintza Haurtzaro Kooperatibak berak bideratzen du eta 16-18ko etapa bailarako Orereta Ikastolarekin elkarlanean sortutako Oiartzo Batxilergo Ikastola Fundazioaren bitartez errotu dugu.

Aurten 50 urte betetzen ditu Oiartzungo Haurtzaro Ikastolak. Hain zuzen ere, lehen klasea 1967ko urriaren 16an eman zuten Arantxa Madariaga eta Ines Olaziregi bi andereñoek.

Haurtzaro Ikastola 16 familia eta bi andereño horien «borondate eta ausardiari» esker sortu bazen ere, 50 urte hauetan, Oiartzungo familia gehienen txikitako etxe izan da. Mende erdi honetako ibilbidea «guraso guztien ekarpenei, irakasleen inplikazioari eta erakundeen laguntzari esker gauzatu da. Guztion ahalegina eta borondatea eskertzeko asmoz, denon artean ospatuko ditugu Haurtzaro Ikastolaren 50 urteak».

Oiartzungo herria eta Haurtzaro Ikastolaren arteko 50 urtetako elkarkidetza trinkotzen joan da. Haurtzaro Ikastola Oiartzungo euskal kulturaren eta, zehazki, euskal irakaskuntzaren erreferente nagusia izaten jarraituko du.