Nor gara?

HAURTZARO IKASTOLA: NOR GARA
Haurtzaro Ikastola Oiartzunen kokatuta dago, herriaren gunea den Elizalden, Aiako Harriaren magalean. Ikastola orube zabal batean lekutua dago eta gaur egun hainbat eraikin eta bi jolas toki ditu bertan.
Haurtzaro Ikastola 1967an sortu zen herri ekimenari esker, bokazio publikoarekin eta euskara eta euskal kulturarekin konprometituta. Bitarte luze horretan, guraso, langile (irakasle eta ez-irakasle), oiartzuar laguntzaile eta ikasle askoren lana eta parte-hartzea izan da ikastolaren benetako bultzatzaile eta eragilea. Gaur egun gurasoen eta langileen artean osatutako herri onurako irakaskuntza kooperatiba bateratzaile eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederatzioko partaide gara.
Haurtzaro Ikastola eratzen dugun guztion partaidetzan eta talde lanean oinarrituz, etengabeko hobekuntzaren bidez, nortasun propioa lortu nahi dugu. Haur eta gazte oiartzuarrak pertsona gisara hezten lagundu nahi ditugu, beren osotasunean, euskalduntasunean oinarrituz eta beste kulturak errespetatuz, naturarekiko adeitasuna sendotuz. Munduari begiratuko dieten ikasle euskaldunak, arduratsuak eta kritikoak formatu nahi ditugu.
 
Haurtzaro Ikastolaren hezkuntza proiektua bost zutabetan oinarritzen da:
1. Proiekzioa: heziketaren antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko egina dago.
2. Globaltasuna: ikastola osatzen duten oinarrizko elementuak uztartzen ditu.
3. Integrazioa: printzipioak, teoria eta praktika, irakaskuntza eta gizartea elkar lotzen ditu.
4. Errealismoa: egunerokotasunari aurre egiteko proiektua da, egunean-egunean lana eta gure baliabideak kontuan hartuz egina.
5. Malgutasuna: hezkuntza bera prozesua dela ulertuz, gerora etor daitezkeen aldaketei irekia dago

Haurtzaro Ikastolaren proiektuak 0-18 urteko 850 ikasle jasotzen ditu gaur egun:
0-3 zikloari dagokiona, UDAL IKASTOLA PARTZUERGOAren bitartez egiten da.

3-16 tartea, gurasoek eta langileek osatutako KOOPERATIBA BATERATZAILEaren bidez ematen dugu.

16-18 bitartekoa, Orereta Ikastolarekin batera sortutako OIARTZO BATXILERGO IKASTOLA FUNDAZIOAn eskaintzen dugu.