Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

EKI eta OSTADAR PROIEKTUA
DBH 1. eta 2. MAILA
EKI proiektua ikastoletan, gure ikastola barne,  2013-2014 ikasturtean abiatu zen hezkuntza-eredu berria da. Iazko ikasturtean DBHko lehenengo mailan jarri zen martxan eta aurten 2.mailan, urtez urte, DBH osora hedatuko da sei arlotan (Euskara, Gaztelania, Ingelesa, Matematika, Naturaren Zientziak eta Gizarte Zientziak). Proiektuak hezkuntza osoa eta integrala bideratzea du helburu nagusia eta, hori lortzeko, hainbat ezaugarri ditu. Laburbilduz, konpetentzien garapena du ardatz nagusia eta hori egoerei aurre eginez lortzen da. Denok dakigu konpetentzia eta ekintzailetasuna oso lotuta daudela, hau da, bizitzako egoera desberdinei eraginkortasunez erantzuteko aurrez eskuratutako ezagutzak egoki hautatzen eta erabiltzen ditugun neurrian bilakatzen gara gero eta konpetenteago.
Bizitzan gertatzen den bezalaxe, ikastolako jardunean ere ikasleak bereganatutako ezagutzak egoerei aurre egiteko baliatzen dituen neurrian garatzen ditu konpetentzia orokorrak (pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, norbera izaten, elkarrekin bizitzen eta egiten eta ekiten ikasi) eta arlo bakoitzeko konpetentzia espezifikoak. Hori guztia behar bezala gauzatzeko hainbat eskakizun bete behar dira, besteak beste, ikaslea ikaskuntza-prozesuaren protagonista nagusia izatea, ikaslearen jarduna aktiboa izatea eta, nola ez, ikaskuntza-irakaskuntzarako hautu metodologiko egokia egitea. Hori guztia lotzen du EKI proiektuak. Hezkuntza-eredu horretan aritzeko ikasleek ikasmaterial berriak erabiliko dituzte aipatu sei arloetan.
Horren harira, iaz Haurtzaro ikastolak liburu digitalen erabilera esperimentazioan bi arlotan parte hartzeko konpromisoa hartu zuen eta aurtengo ikasturtean ere horretan jarraitzen du: Matematika eta Natur zientziatan.
Liburu digital hauek paperezkoak dituen guztiak bermatzeaz gain, propioak dituen abantailak irakasle-ikasleen eskura jartzen ditu: bideo, audio, zuzenketa automatikoak, fitxak partekatuz taldean lan egitea…
 
DBH 3. eta 4. mailetan OSTADAR PROIEKTUA
Ikastolen Elkarteak sortutako proiektu hau DBHko etaparako egina dago.
Ostadar proiektu berrituaren ezaugarri nagusiak hauexek dira:
·       Etapako arlo guztien trataerari koherentzia ematen dioten esparru teorikoak eta diseinu bateratua.  
·       Euskal Herrian egina, Euskal Herri osorako.
·       Etapako irakasleen artean ebaluazioa prozesu konpartitu gisa eratzeko aukera ematen duten bitartekoak ditu.
·       Material didaktikoa eta irakasleen prestakuntza elkarri lotuta doaz.
·       Ikaslearen materiala.
o   Unitate didaktikoak (bakoitza liburuxka batean).
o   Euskararen inguruko askotariko kontsultak egiteko nahiz materialean proposatutako zereginak gauzatzeko baliabideak (Inprimatua, CDa, CD-ROMa, Kasete, Bideokasetea...)