Urtxintxa

URTXINTXA PROIEKTUA
Haur Hezkuntzak berebiziko garrantzia du bai haurraren garapen osoan bai euskalduntze prozesuan. Etapa horretan hasten dira garatzen, hain zuzen, adimenaren gaitasunak, nortasunaren ezaugarriak, gorputzaren ahalmenak, eta gizarteratzeko eta harremanetarako hastapenak. Beraz, hezkuntza arloan betekizun nagusia du. Betekizun horri erantzun nahian, hezkuntza komunitatearen etengabeko ikerketa eta hobekuntza prozesuaren pauso berri bat da URTXINTXA proiektua.
3-6 zikloko gure proiektu pedagogikoa, konpetentzietan oinarritutakoa, Urtxintxa proiektua da.Proiektu horren bitartez lantzen ditugu haurraren oinarrizko konpetentzia orokorrak:

1.- Norbera izaten ikasi:

  • Gorputzaren kontzientzia eta autoerregulazioa    
  • Emozioen kontzientzia eta autoerregulazioa    
  • Nork bere buruaren estimua

2.- Elkarrekin bizitzen ikasi: 

  • Pertsonarteko komunikazioa    
  • Giza portaera
  • Gatazken kudeaketa

3.- Komunikatzen ikasi: 

  • Komunikazio ez berbala, begirada, mugimendua, sentimenduak hitzik gabeko komunikaziotik hitzen bidezko komunikaziora
  • Irudimena eta sormena    
  • Euskararen erabilera eta ingelesaren lanketa

4.- Ikasten eta pentsatzen ikasi: 

  • Ulermenean oinarritutako pentsamendua    
  • Pentsamendu sortzailea
  • Erabakiak hartzea

5.- Egiten eta ekiten ikasi: ekimenez jokatzen ikasi 

  • Jolas librea
  • Autonomia
  • Ideiak ekintzetan gauzatzea

Haurraren garapena eta ongizatea lortzeko dugun testuinguruari garrantzia handia ematen zaio gure ikastolan eta aztertu eta planifikatu egiten dira ikasturtero: 

  • Barne eta kanpoko espazioaren antolaketa eta erabilera: gela, psikomotrizitate gela, sarrera-irteerak, jolaslekua, ikastola eremutik kanpoko espazioak erabiltzea
  • Haurrak behar duen segurtasun afektiboa: egokitzapena, sentimenduak jasotzea eta ulertzea, irakaslearen begirada
  • Bazkaltzeko eta lotarako momentua; irakaslea eta begiralearen artean etengabeko koordinazioa
  • Irakaslearen profila eta irakasleen arteko koordinazioa 
  • Gurasoekin harremana, elkarlana

Ebaluazioa eta gurasoekin harremana  
Ikasturteko lehen balorazioa ahoz jasoko dute gurasoek, abenduan egingo diren bakarkako guraso bileretan. Gurasoekin bilduko gara bakarka, ikasle bakoitzaren prozesuaren berri emateko. Ikasturte bukaeran, urteko informe idatzia egingo da, eta berau gurasoekin bakarka eginiko bilera batean azalduko du tutoreak. Beharren baitan bilera gehiago egingo dira.