Eleanitz

Eleanitz proiektua
Eleanitz proiektua 1991. urtean abiatu zen euskal hiztun eleaniztunak hezteko asmoz. Helburu hori bete ahal izateko, euskara hizkuntza nagusi delarik, gaztelania, ingelesa eta frantsesa irakasteko eta ikasteko prozesuak marko metodologiko eta curriculum komun baten baitan bildu ziren.
 
Gaztelania, gizartean duen lehentasuna aintzat hartuz, bigarren hizkuntza gisa hartzen du, eta bereziki ikasketa-munduarekin loturiko erabilera formalak indartzeari begira egingo da lana. Erabiltzaile independentearen B2 maila lortzea da helburua.
 
Ingelesa, globalizazioaren gizartean hartu duen lingua franca papera ikusirik, hizkuntza hori lanerako edo ikasketak jarraitzeko testuinguruarekin lotuko dugu. Erabiltzaile independentearen B1 maila lortu nahi da.
 
Frantsesa mugaz bestaldeko komunitatearekin harremanetan jartzeko helburuarekin landuko da nagusiki, eta beraz, ikuspegi kultural eta funtzionalago batekin garatuko da. Oinarrizko erabiltzailearen A2 maila lortzea da helburua.
 
Eleanitz-Gaztelania, Eleanitz-English eta Eleanitz-Français zuhaitz emankor horren adarrak dira, eta ezaugarri hauek dituzte:
 
• Ingelesaren ezartze goiztiarra: 4 urtetik aurrera.
• Gaztelaniaren ezartzea: LH 2. mailatik aurrera.
• Frantsesaren ezartzea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailatik aurrera.
• Ekintzan oinarritutako metodologia-ikuspegian sortutako ikasmaterialak eta proposamen didaktikoak dituzte: hizkuntzaren ikaskuntza ekintza esanguratsuak gauzatuz eta ekintza horiek besteekin partekatuz lantzen da (adib. ipuin dramatizatuak, ataza eta proiektuak, CLIL/EMILE).
• 4-16 adin tarteetarako ikasmaterial progresibo eta koherenteak.
• Irakasleen prestakuntzan eta garapen profesionalean ardaztua.
• Irakaskuntza metodoen, ikasmaterialen eta irakasleen prestakuntzaren jarraipena eta hobekuntza barne eta kanpo ebaluazioen bidez.
 
GAZTELANIA:
Gaztelaniaren irakaskuntzak, beste hizkuntzak bezalaxe, ikuspegi diskurtsiboa hartzea eskatzen du: komunikaziotik eta erabileratik abiatuz planifikatzea. Ikuspegi horren arabera, hitz egitea eta idaztea hauxe da: komunikazio testuinguruaren baitan, helburu batzuk lortzera bideratzen diren testuak eraikitzea. Horretarako, gaztelaniaren irakaskuntzan alderdi metodologiko hauek hartzen dira kontuan:
 
• Ikasleentzat esanguratsuak diren komunikazio-proiektuek bideratutako ikaskuntza-prozesua izatea.
• Testua komunikazio-unitatea izatea. Testu-genero bakoitzak berariazko ezaugarriak dituela kontuan hartuta, bere ulermen eta ekoizpenerako ikaskuntza espezifikoak eskatzen ditu.
• Ikaskuntza sekuentzia didaktikoetan egituratzea, jarduerak komunikazio-lan zehatz bat lortzera bideratutako helburu didaktiko batzuen inguruan antolatuz eta artikulatuz.
• Prozedurak eta goi mailako estrategia kognitiboen garapena nagusitzea. Hizkuntz ezagutza lortzeaz eta ezagutzak aplikatzeaz gain, hitzekin gauzak egiten jakitea da helburu nagusia.
• Ezagutza instrumentala eta formala prozesu bakar batean barneratzea. Gramatika-hausnarketaren abiapuntua da landuko den testua; ezin dira bereizi komunikazio-ekintzaren helburua eta testuingurua, adierazi beharreko edukia eta horren arabera erabili beharreko hitzak eta moduak.
• Ikasleen artean eta irakasleen eta ikasleen artean elkarreragina: ikuspegi diskurtsiboak zuzeneko eragina du metodologia erreferentzia jakin batzuk aukeratzerakoan.
 
Ikasleen gaztelania arloko irteera-profila definituta dago ikastoletan: DBH 4. maila bukatzean, ikasleak gaztelaniako erabiltzaile independentearen B2 maila lortzea nahi da. Gauzak horrela, ikastolak ingelesarekin egiten duen moduan, aurrera begira, mailaren lorpena ziurtatzeko kanpo-ebaluazioak egitea aztertzeari ekin nahi dio.
 
INGELESA:
95-96 ikasturtean heldu zitzaion apustu honi. Hasieratik, Ikastolen Elkarteak gidatutako proiektua izan da baliabideetan, materialetan eta metodologian.
 
Metodologiaz:
 
• LH 4. maila arte, antzeztutako ipuinak dira metodologiaren oinarri nagusi. Taldean antzezten dira, ahoz. Ez da inongo itzulpenik edo irudirik erabiltzen, baina keinu eta ipuinetako pertsonaiak leku zehatz batekin identifikatuz elkar ulertzen dute ikasle eta irakasleek. Ahoz antzeztutakoa sendotzeko, hainbat jarduera egiten dira: muralak, liburuxkak, hiztegia lantzeko jokoak, abestiak, txotxongiloak, marrazkiak... Ikasleek parte hartzea izaten da helburu nagusia.
• Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan, gai desberdinen inguruan (animaliak, elikadura...) proiektuak egiten dira.
• DBH 1. eta 2. mailetan curriculumeko irakasgaietako atal desberdinak (Musika, Natur Zientziak...) lantzen dira.
• DBH 3. eta 4. mailetan Gizarte irakasgaia erabat ingelesez lantzen dute, horrela ingelesa ikasteaz gain, beste arlo bat ingelesez ikasten dute.
 
Hori guztia osatzeko, 2014-2015 ikasturtean “Haurtzaro English” bloga sortu zen. Bertara, gelan egiten den lanaren inguruko hainbat bideo eta argazki igotzen dira. Ez hori bakarrik, bloga, zikloka banatuta dago eta maila bakoitzean egiten denaren osagarri gisa hainbat ariketa, bideo eta joko daude etxean ingelesa modu dibertigarrian lantzen jarraitzeko.
 
Gogoratu behar da lan honi etengabeko jarraipena egiten zaiola, irakasleen formazioan eta ikasleen ebaluazioan; eta jarraipeneko ondorioetatik abiatuz, etengabeko doiketak egiten dira ikas-irakas prozesuan.
 
FRANTSESA:
Eleanitz proiektuaren barruan, aipatzekoa da frantsesaren trataera. Ikasturte honetan ere, hautazko gisa landuko da DBH 1. mailatik 4. mailara bitarte. Hautazkoa izanik, ikasleen motibazioak izugarrizko garrantzia du ikas- irakaskuntza prozesuan, eta horregatik, jarduera dinamiko eta esanguratsuak egiten dira.
 
Frantsesa irakasgaiko helburu nagusia ikasleak gaitasun komunikatiboetan trebatzea da, eta horretarako, lehenengo saiotik frantsesa da erabiltzen den hizkuntza. Ikasleei ez zaie arrotza egiten, beste hiru hizkuntzetan estrategia linguistikoak landuta baitituzte. Izan ere, 12 urte bitarte euskara, ingelesa eta gaztelania landu dituzte, beraz, laugarren hizkuntzarekin hasterakoan, beren aurre-ezagutzek asko laguntzen diete.
 
Erabilitako metodologia ingeleseko metodologian oinarrituta dago, izan ere, proiektua bideratzen duen taldea ingelesean ari den talde bera da. Erabiltzen den testu-liburuak EN FRANÇAIS AUSSI izena du eta DBHko 4 urteetarako 12 unitatetan antolatuta dago. Ikuspegi komunikatibotik abiatuta hizkuntza gauzak eta proiektu txikiak egiteko erabiliko da, komunikazio-tresna bihurtuz.
 
Proiektu honetan Bretainiako Guisseni herriko diwan ikastetxearekin elkartrukea bideratzen da bi urtez behin eta astebeteko iraupenez. Oso esperientzia  aberats eta positibotzat baloratzen dute ikasle, familia nahiz irakasleek, hizkuntzaz gain,  kulturen arteko ezagutza lantzen baita. Egitasmoaren jarraipena egiteko Notre blog orria argitaratzen da.
 
Elkartrukea bi urtez behin egiten denez, aurten, gure ikasleak ez dira Guissenira joatekoak, datorren ikasturtean bidaia egitea egokituko zaie, beraz.