Hizkuntza proiektua

HIZKUNTZA PROIEKTUA

Ikastolen sorreraren zergati nagusienetakoak euskararen berreskuratze eta garapen-prozesuari erantzutea izan dira, hartara, ikastolen ibilbidea eta euskararen zabalkundea estu-estu loturik azaldu ohi dira. Baina XXI. mendeko gizartea eleanitza da, eta behar horri erantzuteko euskal herritar eleanitzak hezi behar ditugu, ikasleek bizitzako egoera bakoitzak eskatzen duen ahozko zein idatzizko hizkuntzaren erabilera egokia eta eraginkorra egin dezaten gaitzeko. Baina gurea bezalako hizkuntza minorizatuaren kasuan, eleaniztasunaren planteamenduak baditu kontuan hartu beharreko aldagai garrantzitsuak.

Agerikoa da ingurunearen baldintzek eta gizarte harremanek gaztelania/frantsesa erabiltzera bultzatzen dutela. Bestalde, urteetako eskarmentuak erakutsi du eraginkorra eta ezinbestekoa direla, ikasleek ahoz eta idatziz egoki komunikatzeko, irakas- eta ikaskuntza-prozesuan euskara erabiltzea. Horregatik, XXI. mendean ere, euskara da ardatza egiten dugun eleaniztasunaren planteamenduan.

Testuinguru horretan kokatu behar da HIZKUNTZ PROIEKTUA, hizkuntzen ikaskuntzari eta erabilerari koherentzia emango dion markoa. Hala, euskara ardatz duen eleaniztasunaren garapena era egokian bidera dadin ziurtatzeko, besteak beste, hauek izango dira langai nagusiak: hizkuntz plangintza eragingarria finkatzea ikastolan, hizkuntza bakoitzaren funtzioak eta espazioa zehaztuz; hizkuntzen irakaskuntza-ikaskuntzan erabilitako ikuspegi eta metodologiak bateratzea eta hizkuntzen erabilera instrumentalaren eraginkortasuna curriculum osoan bermatzea.

Duela 14 urte ekin zion Haurtzaro Ikastolak, lehenengoz, Hizkuntz Proiektuari, eta geroztik, ikuspegi honen baitan etengabeko berrikuntza prozesuan dago. Pedagogia berrikuntzak, hizkuntzen bilakaerak eta ondorioz, hizkuntz plangintzen egokitzeak Hizkuntz Proiektua dokumentuaren berridazketa dakarte. Baina horrekin batera, esanguratsuagoa den hezitzaileen prestakuntza eguneratzea, ikastolako baliabideen egokitzea eta dinamika berritzaileak txertatzea.

Horregatik, ikasturte honetan, Haurtzaro Ikastolak bere Hizkuntz Proiektua eguneratu eta berrituko du.

Euskara

Haurtzaro ikastolan euskararen erabilera eta ezagutza bermaturik dagoen arren, hiztun osoak heztea da gure Hizkuntz Proiektuko helburuetako bat eta ildo horretatik, euskararen kalitatea landu nahi da, horretarako, hizkuntza erregistroen erabilera tratatuz. Bide horretan, azken hiru ikasturteetan irakasleak formazioa jasotzen aritu dira eta aurtengo ikasturtean, formazio horrekin jarraitzeaz gain, ikasleekin gelan aplikatzeko urratsak egingo dira HH eta LH etapetan.

Ikastolako Hizkuntz Proiektua euskararen erabilera eraginkorra egiteko, garatzeko eta indartzeko konpromisoarekin sortu zen, baita euskal hizkuntza eta kultura bere osotasunean transmititzeko ere. Horrela, euskal kultura ezagutzeko, ulertzeko, sentitzeko eta harekin erlazionatzeko aukera eskaintzen du, gurearekin kontaktuan dauden beste kulturak elementu positibotzat hartuz eta ezagutuz. Horrekin, norberaren kultura aberastuz eta mundura zabalduz, ikasleari bere nortasuna eraikitzeko aukera eman nahi zaio. Horrela, ikastolako euskal komunitatea indartu asmoz, ikastolan Euskal Herriko lurralde ezberdinetako ikasleak elkar ezagutzeko bidea sendotu nahi da. Helburu horrekin, ikasleen esparruan, hiru proiektu bideratuko dira:

1- Elkarrekilan Euskal Herria egitasmoa: LH 3 eta 4an kokatu dugun Zuberoako bi ikastolekin harreman eta elkartruke proiektua. 2014-15ean eman genion hasiera proiektu honi eta ikasturte honetan sendotzen ari gara. Horrela, LH 4ko ikasturte bukaerako ibilaldia, ekainean, Maulera egingo da, eta Basaburua eta Eperrako ikasleekin harremanetan jarriko dira han. Hango ikasleak, berriz, Oiartzunen izango ditugu ekaina erdialdera.

2- Elkarrekin Bizi(hi)tza, EKIko DBH 1. mailako unitateak hala proposatuta, DBH 1. mailako Hegoaleko eta Iparraldeko ikasleen arteko elkartrukea bideratuko dugu bigarren aldiz. Behe Nafarroako Larzabal herriko Manex Erdozaintzi Etxart Kolegioko ikasleekin on-line arituko dira lehenik, eta aurrerago, aurrez aurre elkarrekin egoteko aukera izango dute, bai Oiartzunen, baita Larzabal inguruan ere.

3- Aurtengoan, DBH 4. mailako ikasleak Euskal Herriko memoria historikoa lantzeko helburuarekin, Donibane Garaziko Ziutadela ikastetxeko DBH 3. mailako ikasleekin gure historiaren testigantzak trukatuko dituzte martxoa-maiatza artean.

Bestalde, Curriculum Bateratuaren garrantziaz hausnartuta, ulermenaren eta adierazmenaren lanketan ari da ikastola. Dagoeneko ulermenaren lanketa bideratua dago etapa guztietan, eta iaz, Lehen Hezkuntzako irakasleek adierazpenarekin loturik egindako formazioa, aurten beste bi etapetara hedatuko da.

Gainera, Euskaraz Bizi kanpainan ohikoak diren Idazmena-, Ahozkotasuna- eta Irakurzaletasuna- kanpainak antolatuko dira. Irakurzaletasunarekin loturik, azpimarratu behar da liburu txokoa jarriko dela martxan. Izan ere, irakurketa euskara biziberritu eta normalizatzeko tresna ezin egokiagoa dela jakina da; eta ikastolan irakurzaletasunaren ildotik egiten diren ekintza guztiak bildu eta osatu nahi ditu proiektuak, horretarako egokitu den txoko goxo eta berrian.