Euskararen Nazioarteko Eguna Haurtzaro Ikastolan

Euskararen Nazioarteko eguna Haurtzaro Ikastolan
 
Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da eta aurten asteko azken egunarekin suertatu denez, alegia igandearekin, ikastolan abenduaren 1ean, ostirala, ospatzea erabaki dugu. Euskaraz bizi garenok egunak merezi duen festa antolatu dugu. Goizean, Eskuttun ikastolako euskara elkarteko kideak LHko eta DBHko geletara joango dira pregoia irakurtzera edo ahoz kontatzera (noiztik eta zergatik ospatzen den egun hori). Ondoren, ikasleek euskararekiko konpromisoak hartuko dituzte. Haur Hezkuntzako ikasleek Argitxoren bisita jasoko dute, eta haren urtebetetzea ospatuko dute. Saioan bertan, astean zehar egindako opariak eskainiko dizkiote Argitxori.
 
 
 
Arratsaldean, 15:30ak aldera, ikastolako HH eta LHko ikasle nahiz irakasleak bilduko dira ekitaldi nagusian parte hartzeko. Ekitaldian, ikasle-talde bakoitzak hartu duen konpromisoa besteei jakinaraziko die eta denen artean EUSKARAREN LORATEGIA eratuko dute. Jarraian, ikasle guztiek batera, AHO BIZI, BELARRIAK PREST! Kanta abestu eta dantzatuko dute.
 
Jakin badakigu euskararen inguruan ikastolan egindakoa eraginkorra izateko, denon parte hartzea beharrezkoa dela, eta familiaren esku-hartzea ere bai. Hori dela eta, zuei zuzentzen gatzaizkizue, euskararen alde zuen ekarpena egin dezazuen:
        • Familia arteko hizkuntza euskara izateko, euskaraz aritzea bultzatuz eta positiboki baloratuz.
        • Lagunen arteko hizkuntza ere, euskara izan dadin saiatuz.
    • Udalak eta Ttur-ttur taldeak antolatu duen KONPROMISOTIK A(D/R)ITZERA egitasmoan parte hartuz: AHOBIZI edo BELARRIPREST erronkari eutsiz.
Beraz, ostiraleko ekitaldian gurekin parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.
 
Bestalde, Ikastolak, Euskaraz Bizi taldearen ekimenez, bat egiten du eta parte hartuko du herri mailan antolatu den KONPROMISOTIK ARITZERA! Kanpainarekin: “IZAN AHOBIZI! edo IZAN BELARRI PREST!”
Hau da, Ikastolaren izpirituak bat egiten du Kanpainaren helburuarekin.
 
Horregatik, Abenduaren 2an Oiartzungo hainbat elkarteren artean, egun osorako antolatu diren ekitaldietan partaide izango gara. Ikastolako ikasleek ekintza horietan parte hartuko dute, arratsaldean: Eskuttun taldeko kideen, eskolaz kanpoko ekintzetako ikasleen eta gainerako ikasleen emanaldiak izango dira.