TXIKIZIOAK HAURTZARO IKASTOLAN

Ondorengo ohar honekin Haurtzaro Ikastolako eremuan jasandako zenbait txikizioren berri eman nahi zaituztegu. Sortu zenetik, Haurtzaro Ikastolako instalakuntzak eta inguruko eremua Oiartzuarron eskura egon izan dira. Herritik eta herrirako sortuak izan ginelako eta gure izatea beti horrela ulertu izan dugulako.

Haurtzaro Ikastolako eremuetan hainbat denbora pasa izanak gara belaunaldi ezberdinak, garaian garaiko jolas eta ekintzetan. Eremu irekia da eta itxiturarik gabea, gutxi izango dira ezaugarri hau duten ikastola eta ikastetxeak. Pedagogia mailan ematen ari garen aldaketek ere ingurune zabal, argitsu eta askeetara garamatzate. Askatasun horretan hezi nahi ditugulako gure ikasle eta seme-alabak. Askatasunak ordea ardura ere badakar eta norberaren arduratik abiatu beharra dugu, guztion artean sortu dugun honek bere horretan aurrera jarraitzea nahi baldin badugu.

Gertaera larriak dira azken egunotan Haurtzaro Ikastola eta inguruetan pairatu ditugunak, baina bereziki tristeak. Azken astean txikizioak ugaritu egin dira eta neurriak hartzera behartu gaituzte. Argi daukagu, horrelako gertaerek, txikizioez gain gure hezkuntza komunitate izaera indartzea besterik ez dutela lortuko, guztiok, ekintza hauek gaitzestea lortuaz eta guztiona den eremua babesteko beharra sortuaz.

Ez genuke itxitura eta zerrailetara jo nahi eta horretarako guztion laguntza ezinbestekoa dela badakigu. Zaindu dezagun guziona dena norbere arduratik eta erabilpen desegokien aurrean adieraz dezagun gure desadostasuna. Elkarlanean bakarrik lortuko dugu, oraingo eta etorkizuneko Oiatzuarrek ere eremu hauek modu aske eta ireki batean erabiltzen jarraitzea.

Badakigu guztion artean lortuko dugula eta aldez aurretik eskerrik asko. Amaitzeko Xabier Amurizaren hitz batzuk ekarri nahi genituzke gogora: “Gehiago balio du milak egiten duten apur banak, batek egiten duen milak baino”.

Ongi izan.

HAURTZARO IKASTOLA