Euskararen Nazioarteko eguna Haurtzaron

Datorren abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko eguna ospatuko da eta ikastolan jai eguna dugunez, azaroaren 30ean, ostiralean, ospatuko dugu.

Ikastolan, euskaraz bizi garenok, egunak merezi duen festa antolatu dugu. “EUSKARA eta euskaldunak munduan” lelopean aurreko astean zehar ekintza ugari antolatu ditugu HH, LH eta DBHko etapetan (Euskal jantziak eta jakiak, euskaldunak Ameriketan, Euskal Herri zaharraren aspaldiko ospakizunak, ohiturak eta sinboloak, euskarekiko konpromisoak hartu, Euskaraldiaren lanketa…). 

Azaroaren 30eko goizean, Eskuttun euskara elkarteko kideak LH eta DBHko geletara joango dira pregoia irakurtzera eta  NAZIOARTEKO EUSKARAREN EGUNAren berri ematera. Haur Hezkuntzako ikasleek Argitxoren bisita jasoko dute, eta haren urtebetetzea ospatuko dute. Saioan bertan, astean zehar egindako opariak eskainiko dizkiote Argitxori.

Arratsaldeko ekitaldi nagusia Eskuttun taldeak aurkeztu eta zuzenduko du. Ikastolako HHko eta LHko ikasle nahiz irakasleak anfiteatroan bilduko dira, 15:30ean, bertan parte hartzeko. 

Jakin badakigu euskararen inguruan ikastolan egindakoa eraginkorra  izateko, denon parte hartzea beharrezkoa dela, eta familiaren esku-hartzea ere bai. Hori dela eta, zuei zuzentzen gatzaizkizue, euskararen alde zuen ekarpena egin dezazuen:    

  • Familia arteko hizkuntza euskara izateko, euskaraz aritzea bultzatuz eta positiboki baloratuz. 
  • Lagunen arteko hizkuntza ere, euskara izan dadin saiatuz.
  • Euskaraldian parte hartuz, AHOBIZI edo BELARRIPREST rolak hartuz. 

Beraz, ostiraleko ekitaldian gurekin parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.